Uztailarekin batera, iritsi da uzta jasotzeko garaia

2025/07/18
Urteko zazpigarren hilak uztaila izena jasotzen du, hots, uztaren hila. Hala dio, behintzat, esaera zaharrak: uztailean igitaia eskuan.

Garai honetan inguruneak hainbat eraldaketa jasango ditu. Nabarmenena, soroetako itxuraldaketa izango da: berde izatetik tonu horixka bat izatera pasako dira. Izan ere, udara bete-betean egon arren baserria neguari begira egon ohi da eta uztaila belarra moztu, ondu eta negurako gordetzeko garaia da: fardoak egin, belar meta edo zuhatzak egin, belar ondua ganbaretan gorde… Eguzkitan egin beharreko lan gogorra da hau. Gertu dabilenak belar moztu berriaren usaina nabarituko du inguruko bazterretan. 

Baina batez ere, garia zen nekazariak mugiarazten zituena uztailean, segatzeko unea baitzen. Horretarako auzolanean ibiltzen ziren baserritarrak, hainbat baserrietako familiak bilduz eta lana batera eginez. San Fermin egunaren inguruan jasotzen zen garia, lehortzen uzten zen eta ondoren larrainera eramaten zen bertan garia jotzeko. Gariak garrantzi berezia izan zuen baserritarren artean, izan ere errenta eta hamarrenaren ordainketa gariz egiten ziren. Ibai ertzetan oraindik ere ikus daitezkeen errotak eta gaur egunera arte iritsi diren abestiak eta kontakizunak gariak utzitako paisaia kulturalaren legatu dira.

Lihoa Igartubeitiko baratzean

Beste uzta garrantzitsuetako bat lihoarena zen. Historikoki baserrietan eta batez ere emakumeen artean hain garrantzitsua izan den landare hau ekaina eta uztailetik aurrera heltzen da eta gariaren antzeko tonu horixka hartzen du. Baina garia ez bezala, lihoa ez zen igitaiarekin biltzen, zuzenean eskuekin baizik, landarea sustrai eta guzti lurretik ateraz. Ondoren zetozen lanak nahiko neketsuak izaten ziren, oihalak lortu arteko prozesua luzea baitzen.

Sasoi honetan Igartubeitira datorrenak sagastiak sagarrez beterik ikusi ahal izango ditu. Udazkena iritsi arte astez aste handitzen eta heltzen joango dira sagarrak eta urrian dolarea martxan jartzen denean jasotzeko prest izango ditugu. Uda hasieran sagar goiztiarren uzta izaten da eta “San Juan sagarra” edo “Amabirjina sagarra” bezalakoak jasoko ditugu. Udazkenaren amaierako sagarrei "berandu sagarra" (sagar berantiarra) esaten zaie eta horien artean barietate ezagunena izango dugu, Errezil sagarra.

Sagarrez gain, Igartubeitiko baratzean ez zaizkigu falta letxugak, lekak, berenjenak, kalabazinak, piparrak... Garai honetan baratzeko kolore biziek baserriko edertasuna biribiltzen dute beraz... animatu etortzera!