Zatoz Igartubeitiren 25urrena ospatzera!
Igartubeiti Baserri Museoak abuztuaren 11ean bete ditu 25 urte. Mende laurdena tradizioa eta garaikidetasuna lotzen, hainbat talde, elkarte eta bisitariekin sarean lanean.
Irailaren 26an, 25urrena ospatzeko "Sagarra ehuntzen: 25 urte sarean" festa izango da 16:30etatik aurrera. Igartubeitiko komunitatea osatzen duzuen Ezkio-Itsasoko haur eta irakasle, eskualdeko bizilagun, hornitzaile eta museoaren lagunak gonbidatuta zaudete esperientzia berezi eta kolektiboaren parte izatera.
Denok elkarrekin, sagar itxurako egitura eraikiko dugu, zumitza eta sormena uztartuz. Apirilean, Ezkio-Itsasoko eskolako ikasle eta irakasleek, habia teknikaren bidez, egindako zumitzezko piezak batu eta elkartuko ditugu, Itziar de La Granja artisauaren laguntzarekin. Sagarraren oinarria, Made in Segura-ko Daniel Allenek, egurra lantzen duen artisauak burutu du.
Sagarra ez da fruitu husa: urte hauetan ehundu dugun sarearen sinboloa da, lotura, lankidetza eta istorio bakoitzak bat eginez zerbait handiagoa osatzen duen espazioa. Zumitz adar bakoitzarekin gogoratzen dugu gure museoa pertsona guztien parte-hartzeari esker bizi dela, eta elkarrekin edertasuna, memoria eta komunitatea eraiki ditzakegula.
Jarduera honek kolektiboaren indarra, memoria partekatua eta elkarrekin hazten jarraitzeko konpromisoa ospatzen ditu. Batzen den esku bakoitzak bere aztarna uzte du gure sustraiak, gure loturak eta sarean dugun etorkizuna irudikatuko duen sagar honetan.
Irailaren 26an, beste jarduera kolektibo batean parte hartzeko aukera ere izango dute hurbiltzen direnek, guztion artean belar-meta eraikiko dugu.
Bi jarduera hauek tradizioaren eta garaikidetasunaren arteko elkarrizketa irudikatzen dute, eta aldi berean, museoaren 25 urteotako lan-ildoaren eta elkarlanaren isla dira. Festa belaunaldi artekoa izango da, beraz, edonork parte har dezake.
Zatoz gurekin 25 urteko ibilbidea ospatzera!
Izena eman:
- Online
- igartubeiti@gipuzkoa.eus
- 943 72 29 78

