Igartubeitiko baratzea eta bere ingurunea maiatzean

2017/05/05
Esaerak dioenez, “maiatza, urteko ardatza”, hau da, landatzeko eta ereiteko garaian gaude.

Igartubeitiko baratzean lehenik lurraren prestaketei ekin diegu. Lurrari buelta eman, eta ondoren karea bota diogu, lurrak beharrezkoak dituen oxigenoa eta ura errazago mugitu daitezen.  Horrela, lurrean  bizi diren izaki txikiek bizitzeko ekosistema ona izaten lagunduko dugu.

Baratzea karea botata

Karea hiru astez utzi dugu bere lana egiten eta ondoren ongarri organikoa bota dugu baratzean. Landatuko ditugun barazkiek elikagai nahikoa izan dezaten osasuntsu hazteko. Lehenik artoa erein dugu. Antzina artoari "baserritarren urrea" edota "pan de pobres" deitzen zitzaion. Artoaren lehen landareak agertzen direnean babarruna ereingo dugu artasoroan. Babarrunak, artoak nitrogenoa errezago eskuratu dezan laguntzen bait du. Aldi berean, barazki ezberdinak landatu ditugu gure baratzean: "Gindilla" piparra, "Gernikako" piparra, letxugak, kalabazina, berenjena, azelgak eta bainak. Azken hauentzako hurritz makilekin egindako estruktura bat jarri dugu, bainak gorantz hazten diren heinean hurritz makiletan kiribildu daitezen. Hurritzak ugariak dira baserri eta landa eremuetan, eta bere egurra oso malgua da gainera. 

Hurritz makilezko estruktura

Hurrengo asteetan,  usain-belar eta sendabelar ezberdinak tartekatuko ditugu. Hauen usain eta aromek behar ditugun intsektuak erakarriko dituzte, eta gainontzekoak uxatzen lagunduko digute gainera. 

Ingurunea

Apiril amaieratik lehenengo goiz-frutak ernetzen hasi dira eta paisaia ere lorealdi ederrean dago. Ingurua bizi berritu denaren adierazle. Gainera, erleak etenik gabe dabiltza jo eta su lanean, gure inguruak polinizatzen.  Antzina, naturaren leherketa honi "Mari" deitu zioten, "ama ari" alegia. Hau da, lurra etengabeko jardueran dabilela. 

Gainera... Igartubeitira gerturatzen bazara, honako hau ikusteko aukera izango duzu, besteak beste:

Sagarrondoak loratu dira. Hasieran kolore gorrixka hartu dute, baina behin erabat zabaltzean tonalitate zuri ederra eskuratu dute. Egun haizetsuetan, sagarrondoaren loreak baserri eta museo inguruan dantzan ibiltzen zaizkigu. Elorri zuria ere ez zaigu atzean geratu alajaina. Lore zuri dotoreak erne zaizkio, infusioan bihotza eta zirkulazioa indartzeko hartu izan direnak. Gereziondoak ere hasi dira beren fruitua ematen. Oraindik ere berdeak dauden arren ekainean gereziak dastatzeko aukera izango dugu, zozek uzten badigute behintzat. Bestalde basarana ere hasi da lehen fruituak ematen eta marrubiak ere gorritzen ari zaizkigu. 

Baratzearen eta ingurunearen zaintza. Jakoba Errekondorekin kolaborazioan: 

Nahiz eta naturak bere lana egiten duen, beti dira beharrezko hainbat zaintza:

  • Gaitzen aurkako tratamendua. Asunarekin egindako salda zabaldu baratzean, edota xaboi eta tabakoarekin egindako nahaskia eman barazkien hostoetan. 
  • Baratzeko belarrak kendu eta tarteka lurra arrotu atxurrarekin, urak errezago zirkula dezan. 
  • Zuhaitz ezberdinen gaitzak tratatu: sagarrondoaren harjoa, mahatsondoaren zurina..
  • Enborretako altsuma broteak kendu. Batez ere txertaketa egin den lekuetan agertu direnak. 
Igartubeitiko baratzea eta bere ingurunea maiatzean

Igartubeiti maiatzean