"Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain" erakusketa Igartubeitin

2025/10/31
Interpretazio zentroan ikusgai dago eta Euskadiko Arkitektura Institutuaren erakusketa da. Ibon Telleriak eta Jon Arcarazek komisariatu dute. Igartubeiti Baserri Museora iritsi da, Institutuaren Donostiako egoitzan aurkeztu ondoren, 2025eko uztailean

"Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain" erakusketa Igartubeiti Baserri Museora iritsi da. Euskadiko Arkitektura Institutuaren erakusketa da. Ibon Telleriak eta Jon Arcarzek komisariatu dute. Igartubeitiko Interpretazio zentroan dago ikusgai, Institutuaren Donostiako egoitzan uztailean aurkeztu ondoren. 

Erakusketa honek, Euskadiko landa-ingurunean eraikitako ondareari merezi duen garrantzia eman nahi dio, ondare horrek duen balio arkitektonikoa nabarmenduz.

"Baserria. Zura. Harria. Mitoa. Orain" erakusketak, mendeetan zehar Euskal Herriko egoera ekonomiko eta sozialetara egokitzen eta eraldatzen jakin duen arkitektura gisa erakusten du baserria, euskal landa-paisaiaren irudi nagusi bihurtzeraino.

Aldi berean, zientziaren eta arkeologiaren bidez, agerian uzten du eta desmitifikatu egiten du denboran zehar arte ezberdinek eta literaturak arkitektura-tipologia honi buruz sortu duten irudi idealizatua, iruditeria kolektiboan sakonki eraginez.

Erakusketa-proposamena erakusketari izenburua ematen dioten 4 esparruetan banatzen da: zura, harria, mitoa eta oraina. 

Egurra
Mendeetan zehar haien arrastoa ezkututa egon ondoren, lehenengo baserriak nolakoak ziren jasotzen du erakusketak. Gaiaren inguruan egindako azterketek ondorioztatzen dute arkitektura enblematiko hauen jatorria XV. mendekoa dela, lurraldea mendi hegaletan estrategikoki kokatutako etxaldi sakabanatu txikiek artikulatzen zuten garaikoak.

Igartubeitiko dolarea

 

 

 

 

 

 

 

Dendrokronologia: zuhaitzek historia kontatzen dutenean
Kontserbatuta dauden adibide zaharrenetakoak, Igartubeiti bezalako "baserri dolareei" dagozkienak dira, nekazaritza produkzioko unitate erabatekoak, non eraikuntza material bakarra egurra zen. Dendrokronologia azterketen eta ikerketa arkeologikoek emandako emaitzak oinarri hartuta, eraikuntza hauen jatorrizko itxura modu birtualean birsotzea ahalbidetu dute erakusketarako.

Atal honi esker, bisitariak ulertu ahal izango du lurraldeko landa arkitekturaren oinarria baino gehiago izan zela egurra, bost mendetan zehar habitatzeko modu zehatz bat finkatu zuen materiala izan baitzen egurra.

Hala, egurrak izan zuen garrantzia irudikatzeko, baserri baten egitura osatzen duten pieza bakoitzaren zatiak daude ikusgai aretoan: zutabeak, habeak, tornapunteak eta lokarriak.

Horrez gain, baserri ezberdinetako sei lagin ere jaso dira, horien azterketa eta datazio dendrokronologikoa egiteko. Egitura mota horien azalpenak hobeto ulertzen laguntzen duten bi maketa ere badaude: Gomestio dolare baserriko atari nagusiaren 3D formatuko pieza bat, eta bestea, XV. mendeko zurezko baserrien atari estandarizatuen egitura baten eredu ideala, Euskal Herriko Unibertsitate Publikoko Arkitektura Eskolako Fablab-en garatua.

Harria
XVI. mendeko krisi ekonomikoa inflexio-puntua izan zen lurraldearen bilakaera arkitektonikoan. Antzinako dolare-baserriak, ekoizpen komertzialeko gune oparo gisa funtzionatu zutenak, goitik behera eraldatu ziren: beren izaera familiaren autohornikuntzara aldatu zen, ordura arte soilik merkatura bideratuta egon zen tipologia etxekotuz.

Baserria erakusketa_Harria

 

 

 

 

 

 

Eraikuntza-iraultza
Garai horretako benetako eraikuntza-iraultza harria material nagusi gisa erabiltzea izan zen.
Harrirako trantsizioa ez zen teknikoa soilik izan: gaur egun arte irauten duen bizipenaren kontzepzio berri bat islatu zuen.
Baserriak eraikitzeko erabiltzen ziren harri mota ezberdinak daude ikusgai.

Mitoa
XIX. mendea mugarri bat izan zen landa eremuarentzat. Mendearen lehen erdian, elkarren segidako gatazka armatuek, hala nola Gerra Karlistek, aurrez aurre jarri zituzten landa eremua eta hiria. Mendearen bigarren erdian, hirietako eta herrixketako harresiak eraitsi zituzten eta industrializazio hasi berriarekin batera, izugarri aldatu zuen landa-munduaren eta hiri-munduaren arteko populazio oreka, lehenengoaren kaltetan.

Biztanleria galerak eragin garrantzitsua izan zuen baserriaren eredu ekonomiko eta sozialean, eta, ondorioz, baserriaren amaiera iragartzen zuen pixkanakako gainbehera gertatu zen. Garai honetan eraikitako baserriak dira, oro har, kalitate arkitektoniko aldetik pobreenak.

Baserria_Mitoa

 

 

 

 

 

 

 

Landa-munduaren idealizazioa
Aldi berean, eta lurraldeko landa-unibertso osoaren gainbehera sentsazioari erantzuteko, mitifikazio-prozesu bat hasi zen arte-diziplina desberdinen bitartez. Baserriaren ikuspegi idealizatua hezurmamitu zen beren lanetan, baserrien desagertzearen aurrean zaindu nahian. Eleberri, margolan, marrazki, argazki eta ilustrazioen bidez baserriaren irudi osatugabea eta askotan fikziozkoa kodifikatu zen, gaur egun arte iritsi den imajinario kolektiboaren parte izatera igaroko dena.

Orain
Oso baserri gutxik eusten diote oraindik ekoizpen eta etxebizitza eredu tradizionalari. Indarrean dauden eta etorkizunean izango diren araudiek, bai etxebizitzaren arloan, bai nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien arloan, eredua behin betiko desagertzera kondenatzen dute. Nekazaritza-ekoizpeneko egitura garaikideek, askoz industrializatuagoek eta eskala handiagokoek, baserriko jarduerak erabat banatu dituzte, eta arkitektura-multzo berriak sortu dira, eraikuntza bateratu eta trinko batekin zerikusi txikia dutenak.

Baserria_Orain

 

 

 

 

 

 

 

Memoriaren eta etorkizunaren artean

Jatorrizko eredua behin betiko iraungitzeak ez du amaierarik ekarri; aitzitik, kontzeptu hori modu independentean eboluzionatzen duten bi ildotan bereiztea ekarri du. Alde batetik, baserriaren irudia, XIX. mendean sortutako lurralde-paisaiaren elementu gisa, etengabe berrinterpretatua eta testuinguru posible guztietara egokitua. Fenomeno horrek arkitektura berri ugariz josi du lurraldea, eta aberastasun irregularrez irudikatu nahi izan dute irudi hori.

Bestalde, lurraldean zehar banatutako milaka baserrik eraikitako ondare izugarria mantentzen da, asko hiri- edo industria-eremuetan integratuta daudenak, besteak landa-ingurunean barreiatuak. Ondare-balioa izan arren, eraikin asko bertan behera utzi dira, eta XXI. mendeko beharretarako erabilera berrasmatzeko erronka planteatu da. Hala, kapitulu berri bat idatzi da milaka urteko historian.

Erakusketaren azken zati honetan, baserriaren orainaren eta etorkizunaren inguruko beharrezko hausnarketa bildu duten ekimen-piezez osatuta dago: Atari eta Espacio Reflex-en Neoberri proiektutik ateratako egutegiak eta argazkiak, RHIZOMA ekimenetik sortutako materialak (Victoria Collar, Jon Garbizu, Gonzalo Peña eta Diego Sologuren arkitektoek komisariatutako proiektua, Egoin Wood Group eta Chillida Lekurekin lankidetzan).