Bisita gidatua eta familientzako tailerra "Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain" erakusketaren osagarri

2025/12/16
Urtarrilaren 25ean Ibon Telleria komisarioak bisita gidatua eskainiko du. “Harrizko azala” familientzako tailerra otsailaren 7an izango da, Maushaus-en eskutik

"Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain" erakusketarekin lotutako jarduerak antolatu ditu Igartubeiti Baserri Museoak. Interpretazio zentroan ikusgai dago eta Euskadiko Arkitektura Institutuaren erakusketa da. Ibon Telleriak eta Jon Arcarazek komisariatu dute. Igartubeiti Baserri Museora iritsi da, Institutuaren Donostiako egoitzan aurkeztu ondoren, 2025eko uztailean.

Bisita gidatua komisarioarekin

Urtarrilaren 25ean, Ibon Telleria komisarioak bisita gidatua eskainiko du, 11:30etan.

Erakusketa honek, Euskadiko landa-ingurunean eraikitako ondareari merezi duen garrantzia eman nahi dio, ondare horrek duen balio arkitektonikoa nabarmenduz.

"Baserria. Zura. Harria. Mitoa. Orain" erakusketak, mendeetan zehar Euskal Herriko egoera ekonomiko eta sozialetara egokitzen eta eraldatzen jakin duen arkitektura gisa erakusten du baserria, euskal landa-paisaiaren irudi nagusi bihurtzeraino.

Aldi berean, zientziaren eta arkeologiaren bidez, agerian uzten du eta desmitifikatu egiten du denboran zehar arte ezberdinek eta literaturak arkitektura-tipologia honi buruz sortu duten irudi idealizatua, iruditeria kolektiboan sakonki eraginez.

Erakusketa-proposamena erakusketari izenburua ematen dioten 4 esparruetan banatzen da: zura, harria, mitoa eta oraina.


“Harrizko azala” familientzako tailerra

Otsailaren 7an, Maushaus-ek “Harrizko azala” tailerra eskainiko du, 16:30etan.

Baserriaren bilakaera bat dator Erdi Aroko ekonomia indartsuak jasan zituen aldaketekin; izan ere, lehengaiak eraldatzeko egitura industrial gisa sortu ziren, eta Errenazimentuko krisi ekonomikoan, basoko herria deiturikoa etxebizitzaz hornitzeko bizitegi-okupazioko ereduetan birziklatu zen. Denboraren poderioz, bizitegi-jarduera berri horrek esanahi berria eman zien gure mendien hegalak marrazten zituzten traba itzel horiei. Estaldura-materialak pixkanaka aldatuz joan ziren, harrizko itxitura berrien bidez, inertzia termiko handiagoarekin, eta leiho txikiak irekiz, baserriak etxekotzen joan ziren, gaur egun gure kontzientzia kolektiboa erdibitzen duen irudi ikonikoa sortu arte.

Tailerra 6 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta dago, eta 16:30etik 18:30etara izango da.


Bi jardueretan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea.
Online; 943 72 29 78; igartubeiti@gipuzkoa.eus.