Pieza berria MusealiaK espazioan: azeri-zepoa
Larratz baserria (Landarbaso, Donostia) jatorri duen zepoa da honakoa, azeriak harrapatzeko diseinatua. Gordailutik ekarritako pieza da, eta aldi berean, Josu Tellabide etnologo donostiarrari erosiz iritsi zen Gordailura.
Azeri edo basakatuak harrapatzeko zepoa da honakoa eta funtzionamendu nahiko erraza du. Burdinezko ahoa eta buztana ditu eta animaliak ahoaren erdiko txapa zirkular mugikorra ukitzean, mugimenduak zirkuluerdi formako bi harrapatzeko "masailezur" horzdunak aktibatzen ditu, animalia bertan harrapatuz. XX. mendera arte herri askotan ehizarako baino defentsarako erabilitako zepoen adibide da Igartubeitin erakusgai duguna.
Iraganeko baserrietan eta bereziki artzainen artean, ehiza ez zen izaera ekonomiko zein produktiboko jarduera bezala hautematen, aitzitik, baserrian bizi ziren abereak babesteko jarduera bat zen, erremedio defentsibo bat. Abere horiek, batez ere ardiak eta oiloak, otso, azeri zein bestelako harrapakariengatik mehatxatuak izaten ziren. Hortaz, hauek babesteko moduak topatzea ezinbestekoa zen baserritarrentzat.