Piezaren historia
Ikusten duzuen pieza Larratz baserria (Landarbaso, Donostia) jatorri duen zepoa da, XX. mendekoa. Erosketa bidez iritsi zen Gordailura, Josu Tellabide etnologo donostiarrari eginikoan, hain zuzen ere.
Azeri edo basakatuak harrapatzeko zepoa da honakoa eta funtzionamendu nahiko erraza du. Burdinezko ahoa eta buztana ditu eta animaliak ahoaren erdiko txapa zirkular mugikorra ukitzean, mugimenduak zirkuluerdi formako bi harrapatzeko "masailezur" horzdunak aktibatzen ditu, animalia bertan harrapatuz. XX. mendera arte herri askotan ehizarako baino defentsarako erabilitako zepoen adibide da Igartubeitin erakusgai duguna.
Ehiza baserrian: teknika defentsiboak eta alimañeroak
Iraganeko baserrietan eta bereziki artzainen artean, ehiza ez zen izaera ekonomiko zein produktiboko jarduera bezala hautematen, aitzitik, baserrian bizi ziren abereak babesteko jarduera bat zen, erremedio defentsibo bat. Abere horiek, batez ere ardiak eta oiloak, otso, azeri zein bestelako harrapakariengatik mehatxatuak izaten ziren. Hortaz, hauek babesteko moduak topatzea ezinbestekoa zen baserritarrentzat.
Baserritarrak edo artzainak azeriak edota bestelako harrapakariak ehizatzeko gai ez zirenetan, gazteleraz alimañero zeritzonaren laguntza eskatzen zuten. Une zehatzetan kontratatzen zen langile espezializatu hau, denbora baterako eta enkargu edo ordainsari bidez. Bere eginkizuna herriko eta inguruetako pizti kaltegarri guztiak harrapatzen zetzan, zeinak bertako baserritar, nekazari eta abeltzainentzat kaltegarriak baitziren. Behar adina hilabete ematen zituen herrian, harrapariak akabatu arte. Kasu batzuetan udalak egiten zuen alimañeroen kontratazioa eta besteetan artzainak elkartu eta denen artean ordaintzen zioten alimañeroari, dirutan edo espeziatan.
Azeri-zepoak, zertarako?
Su-armen erosketa eskuragarri bihurtu zen arte, azeriak harrapatzeko sistemarik ohikoenak tranpak ipintzea, pozoina erabiltzea eta uxaldiak egitea ziren.
Kontu handiz garbitu behar dira ipini aurretik, izan ere azeriek usaimen fina dute eta gai dira zepoak hautemateko. Burdina, erdoila, gizakion usaina edota aurretiaz harrapatutako azeriaren arrastoa kentzeko ura eta errautsa erabiltzen zuten ehiztariek.
Normalean zepoa animaliaren gordelekuaren aurrean jartzen zen. Zulo bat egiten zen lurpean eta bertan sartzen zuten zepoa, ingurua eta zepoa bera goroldioz eta lurrez estaliz, ongi ezkutatuta gera zedin. Irtenbidea estutzen zen azeria tranparen gainetik pasatzera behartzeko. Helburua irtenbide ahalik eta gehien ixtea da azeriak tranpa zapaldu dezan. Azeri-zuloko irteera zabalik utziz gero azeriak salto egingo luke zepoaren gainetik.
Beste ehiztari batzuek nahiago izaten dute aire zabalean ehizatu, azeriaren arreta erakartzeko intentzioz zepoarekin batera animalien soberakinak erabiliz. Behin harrapatuta, garrantzitsua zen zepoa kontu handiz kentzea, izan ere larrua edo ilajea oso hondaturik egonez gero gutxiago ordaintzen zitzaion alimañero-ari. Azeriak salmentara bideratzen ziren, euren haragia, ilajea edota buztanak beste produktuengatik.
Iturria: Gordailua.
AZKEN GOGOETAK:
Azken hamarkadetan ehiza jarduera ludiko bihurtu den arte, ehiza oso errotuta egon da Euskal Herriko baserri, auzo eta herri askotako egunerokoan. Ehizatutakoa jaki gisa izateaz gain helburua gizakiarentzako arriskutsuak ziren espezie horiek (otsoak, azeriak, lepazuriak, lepahoriak, basakatuak, karraskariak edota otsoak) ezabatzea edo kontrolatzea zen. Ez zen dibertsiorako jarduera, ehiztariekin gertatu ohi den bezala, baizik eta biztanleria osoari kalte egiten zion arazo bati ematen zitzaion erantzuna.
Hain sistematizatuta zegoen azeri ehizan argi erakusten da zein zen garaiko pertzepzioa azeri eta piztitzat hartutako animaliekiko: espezie kaltegarri kontsideratzen ziren, hortaz, euren kontrola beharrezkoa zen.
Denborarekin, azken hamarkadetan batez ere, animalia hauekiko dugun hautematea aldatu egin da. Espezie harrapakari ugariren desagertzeak eta biodibertsitatearen garrantziak, beste aspektu batzuen artean, begirada aldaketa bat eta ingurumen-kontzientziaren garaketa eragin dute.