Familientzako tailerra eta solasaldi-dastaketa "Nagusia hil da. Erlauntzaren inguruko erritua" erakusketaren osagarri
Igartubeiti baserri museoak eta Donostiako San Telmo museoak Galbahe beka deitu genuen lankidetzan, 2025eko martxoan. Gordailuaren —Gipuzkoako ondare bildumen zentroaren— aholkularitzarekin sustatutako etnografia ondarea ikertzeko eta zabaltzeko helburuz antolatu genuen beka. Miriam Montano eta Telmo Sanchezi esleitu zitzaien beka, bere lehenengo edizioan— maiatzean, eta "Nagusia hil da. Erlauntzen inguruko erritua" izeneko erakusketa izan da sei hilabetetako azterlanak utzi duen emaitza. Otsailaren 28ra bitartean, ikusgai dago Igartubeitin. Erakusketarekin lotuta familientzako saio bat antolatu dugu urtarrilaren 17an eta solasaldi bat izango da otsailaren 22an.
Erakusketak, erleen, heriotzaren eta errituen arteko harremana aztertzen du. Ondare etnografikoa berreraikitzen duten eskulturak, proiekzioak eta inpresioak artikulatuz osatu dute erakusketa Montanok eta Sanchezek.
Sarreran kokatutako ehunezko inpresio sorta batek irekitzen du erakusketa; erritu-objektuen irudiak aurkezten dira bertan; hala nola argizaiola edo erlauntza. Irudi hauek erakusten dute nola, haien testuingurutik kanpo, saiatu diren objektu erritualak finkatzen, sailkatzen eta objektibitate berria ematen.
Errituen berrinterpretazioa
Garai bateko baserrietan, gaztainondo enbor hustuak erlauntzak egokitzeko erabiltzen ziren, eta erakusketan ikusgai dauden eskulturak horien berrinterpretazio bat irudikatzen dute, gaztainondo hilak abiapuntutzat hartuta, baina haien materialtasuna hormigoiarekin ordezkatuta.
Amaitzeko, erakusketaren osagarri den ikus-entzunezkoak hamar emakumeren ahotsak biltzen ditu, elkar gurutzatzean ahots bakar bihurtzen direnak. Hildakoei eta erleei zuzendutako ahozko formulak errezitatzen dituzte, mendeetan zehar dolu-errituetan transmitituak. Pieza Amezketako elizan grabatu zen, oraindik argizaiolak pizten diren azken lekuan.
Erakusketaren osagarri, familientzako saio bat antolatu dugu "Baserriko argiaren magia" izenburupean. Familiek garai batean baserria nola argiztatzen zuten arakatuko dute eta erleen sekretua ezagutu ondoren, kandelak eta kandela euskarriak egingo dituzte. Urtarrilaren 17an izango da, 16:30etik aurrera. Otsailaren 22an, aldiz, Jon Etxeberria erlezain ataundarrak "Erleak eta eztia" solasaldia eskainiko du, 11:00etatik aurrera. Ondoren, ezti ezberdinen dastaketa izango da.
Solasaldi-dastaketan parte hartzeko izen ematea online, igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidera idatzita, 618 004 131ra mezu bat bidalita edo 943 72 29 78ra deituta eman daiteke.

