Berontzia

Musealiak logoa

 

Musealiak proiektuan orain dugun pieza Iriarte Erdikoa bildumako berontzia da,  apirila arte Igartubeiti Baserri Museoan ikusgai egongo dena. Denbora-tarte honetan pieza honen bidez ondarea gizarteratzen saiatuko gara.

Oraingo honetan baserriko bizitzako egunerokotasunean erabiltzen zen pieza bat izango dugu ikusgai; hartara, pieza etnografiko bat. Energia eta erregaien auzia pil-pilean dagoen gaia denez, eta Igartubeiti Baserri Museotik azken hilabeteotan jasangarritasunaren gaia lantzen ari garenez, Musealiakeko piezaren bitartez gai hau iraganetik gaurkotasunera ekar liteke. Gainera, EKO-MODA erakusketa museoan ikusgai dugunez, Musealiakeko eta erakusketako narratiba pieza ona da Berontzia.

Berontzia (izenak dioen moduan, bero + ontzi) baserriko espazio ezberdinak berotzeko erabiltzen zen tresna da. Bertan ikatza edo beste erregairen bat kokatu eta erretzen zen, etxeko kideei beroa emanez. Etxeko elementu arrunta zen negu hotzak dituzten herrialdeetan, batez ere Europan, eta baita Euskal Herrian ere. Normalean metalezko ontziak ziren, helduleku luzexka batekin. Gaur eguneko zartagin baten itxura zuen, tapa sendo eta sarritan apainduarekin. Berontzia txingarrez betetzen zen eta oheko izaren edo manten azpian jartzen zen, ohera sartu aurretik berotzeko edota lehortzeko. Batzuetan mahaien azpian ere jarri ohi zen, helburu berarekin. Musealiaken daukagun berontzia oso-osorik dago, heldulekua torneatua eta tapakia atzeko helduleku txiki moduko baten bidez zabaltzen delarik. Goierriko eskualdekoa da, gaur egun Zumalakarregi Museoa den Iriarte Erdikoa bildumakoa.


Berontzia Beatriz Chiviteren (2020) “Negua” poeman:

Zure neska-lagunarekin egiten duzu lo
tapaki azpian.

Ikatzez betetako
berontzia
besarkatzen dut nik
paretaren bestaldean.

b2

 

Baserria eta berotasuna

Baserrian etxe barruko beroa mantentzeko estrategia ezberdinak antolatzen ziren (eta dira). Hauetan lehena baserriaren beraren kokalekua da: batik bat, eguzkitapenak egotziko du baserriaren kokapena eta norabidea. Baserriko gune bizigarrietarako (sarrera, sukaldea, logelak…) eguzkiaren argia eta berotasuna bilatuko dira. Alde laiotz eta hotzenak, berriz, ikuilu edota biltegientzat gordeko dira (Urquía, 2000).

Igartubeitiren kasuan, hala, sarrera, sukaldea eta logela nagusia hego-ekialdera begira kokatzen dira, bero eta argia aprobetxatzeko. Ukuilua eta upategia, ostera, baserriaren ipar-mendebaldean daude, zonalderik freskoenean, sagardoaren fermentazio prozesurako leku egokienean. Espazio honetan, baserrian ikusten den moduan, ez dago leihorik, argia pasatzen uzteko irekidura batzuk besterik ez daude. Era berean, Igartubeiti baserriaren kokapena ere estrategikoa da: Igartubeiti ez dago ibaiertzean kokatuta, baizik eta, Gipuzkoako etxe zahar askotan ikusten dugun moduan, mazela erdian, zelaigune txikitxo batean, haran hondotik laurogei metro inguru gora. Kizkitza mendiaren mazela hau hegoaldera begira dago, eta baserriak goiz-goizetik jasotzen du eguzki-argiaren berotasuna, zuzenean; haranean, artean, itxaron egin behar izaten dute erreka inguruko behe-lainoak desegin arte.

Hartaz, gaur egun, arkitektura bioklimatikoaz hitz egiten dugunean (gero eta zabalduago dagoen terminoa: eraikinak egiteko modu honek ingurugiroa gehiago errespetatzen du, tokian tokiko ezaugarrien arabera eguzki-energia hobeto aprobetxatzeko), ezin dugu ahaztu gure arbasoek ere bazutela helburu berdinarekin diseinatutako plangintza bat, urte osoan zehar baldintza termiko egokienetan bizi ahal izateko, energia kutsagarririk erabili gabe.

Baserriaren kokapenaz gain, etxeko zonalde bizigarriak berotzeko beste modu batzuk ere bazeuden: hasteko, abereak erabiltzen zituzten berogailu natural eta bizi bezala. Neguan, batez ere, abereak ukuiluetan gordetzen dira eta hala, gorputzean mantentzen duten beroa bertatik gertu dauden logela eta sukaldera pasatzen da, ukuilutik bizitegira. Honetaz gain, udan bildutako belarra ganbaran gordetzen da. Honi esker, bizilekua sabaitik babesten da neguan, “zoru irradiatzaile” funtzioarekin. Gainera, lastoak isolatzaile funtzioa bete eta animaliek sortutako beroa gorantz joatea ekiditen du. Berriro ere terminologia berriak baserrian bere lekua badutela ikus genezake. Gaur egun, abeltzaintza praktikatzen ez duten baserriek gasoliozko edo egurrezko berokuntza jarri dute etxea hotzetik babesteko. Baserriaren hegoaldeko partea berotegien bitartez hobeto isolatuz gero, baldintza termiko egokiak lortu litezke berriz ere, erregai fosilik erabili gabe (Urquía, 2000).

Izan ere, baserrian erabilitako erregaiek eraldaketa handia jasan dute azken mendeetan. Berontzian bertan erretzeko erregai egurra eta egur-ikatza ziren, batik bat. Pagoa, haritza eta gaztainondoa ziren erabilienak; pinua, ordea, oso makaltzat jotzen da aurrekoekin alderatuta.

Baserriaren argiztapenerako beste erregai mota batzuk erabiltzen ziren. Kriseilua da gogoratzen dugun lanpararik zaharrena. Hau pizteko, baserritarrek bale-olioa erabiltzen zuten, sagardoaren trukean kostaldeko marinelengandik lortzen zutena. Argia mantentzeko, abereen koipeaz baliatzen ziren. Bi koipe mota hauek kaxoletan sartzen ziren, eta handik mokoan bermatutako oihalezko zati bat ateratzen zen, metxa gisa (La Anunciata, 2000).

 

Erabiltzen zuten beste erregai bat argizaria zen. Argizaiolak fabrikatzeko erabiltzeaz gain, kandelak eta argi-mutilak (candelabros) pizteko balio zuen.

Gerora, erregai mota berriak erabiltzen hasi ziren baserrian. Marrazkian ikusten dugun petroliontzia, izenak berak dioen bezala, petrolioarekin pizten zen. Kinkea deritzoguna pizteko, berriz, karburoaz baliatzen ziren. Azkenik, kerosenoa edota elektrizitatea sartu ziren baserrian.

Efizientzia energetikoa

Euskal baserria etxebizitza eta lantegia uztartzen dituen elementu arkitektonikoa da: sukaldea, logelak, tailerrak, ukuilua, mandioa, dolarea… biltzen ditu sabai bakar baten azpian. Ugaitz Gazteluk dioen bezala, “nekazaritza eta abeltzaintza autojasangarri baterako eskakizunak bete eta euskal geografia eta klimara guztiz egokitu izan den ondare historikoa da” (Gaztelu, 2012). Baserria, gainera, garaian garaiko aldaketa historiko, sozioekonomiko eta kulturaletara ondo egokitu da, krisiak krisi, eskakizun hauen arabera bizitzeko modu berriak era batean edo bestean birsortuz. 

Hala, esan bezala, gaur egun bioklimatika deituko geniokeenaren ezaugarri asko biltzen ditu euskal baserriak, lanerako eta elkarbizitzarako beroa eta eguzkiaren argia lortzeko helburuarekin. Baserriko banaketa eta material bakoitzak bere funtzio eta zentzu jakin bat du portaera termiko honetan. XVII. mendean erantsitako kanpoko harrizko paretetatik berontzietaraino. 

Sukaldeko suak baserrian zeukan paperaz hitz egitea garrantzitsua da baita ere. Baserriaren erdigunea zen: neguan egun guztian zehar egoten zen piztuta, sukaldea baserriko gune beroena izatera iritsiz, familiaren elkargunea, 24 orduz 25 gradu inguruko tenperatura mantentzen zelarik. XVI eta XVII. mendeetan sua gelaren erdigunean kokatzen zen harlauza baten gainean kokatzen zen, honen gainean laratzeko katea zintzilikatzen zelarik. Beroa mantentzeko, zizeilua bezalako altzariak erabiltzen zituzten baita ere, bizkarralde oso altuko eserlekuak, mahaia tolesteko ere balio zutenak. XVIII eta XIX. mendeetan zehar “beheko sua” normalizatu zen, tximinia baxuak. XX. mendean, txapa metalikoak erabiltzen hasi ziren baserriko sukaldeetan, baita “ekonomikoak” deiturikoak ere, erregai kantitate handia aurrezten dutenak. 

 

Gaztelu arkitektoak “etorkizuneko euskal baserri jasangarria” diseinatu du, analisi bioklimatiko hau kontuan izanda. Baserriko etorkizuna kultura ondarearen zaintzan oinarrituta eraikitzen du, tokian tokiko historia eta harreman-sareak ulertuz. Hau behin burututa, jasangarritasuna lantzen hasten da (jasangarritasun sozio-ekonomikoa eta ingurune jasangarritasuna). Gazteluren hitzetan, ordena ekonomiko kapitalista berriak baserritar bizitzaren eta baserriaren arkitekturaren funtzioa desagertzen hastea ekartzen du, baserriaren (eraikina bera eta bizimodua banaezinak dira) gainbehera suposatuz (Gaztelu, 2012). Beraz, arkitekturaren erronka, erronka sozio-ekonomikoa da, eraikinaren erabilera, eta honek inguru sozial eta naturalarekin duen harremana landuko dituen baserri berria, iraganetik begirada kendu gabe.

 

Bibliografia

Gaztelu, U. (2012). Baserrien analisi klimatikoa. Aldiri: arkitektura eta abar. 2, III, 10, 34-35.

Gaztelu, U. (2012). Rehabilitación energética del caserío vasco: hacia un modelo de diagnosis.

La Anunciata Ikerketa Mintegia (2000). El caserío vasco: el hogar y el ajuar de la cocina.

Urquía, I. (2000). Euskal baserria: arkitektura bioklimatikoa, eguzki-energiaren ustiapena. Bizkaia Maitea, 1, 12-14.