Erlezaintza: erle-hauspoa eta erlauntza

Abendutik martxora bitarte MusealiaK proiektuaren harira Igartubeitin erakusgai izango ditugun piezak erle-hauspoa eta erlauntza dira. Bi objektu hauetatik abiatuz euskal erlezaintza tradizionalak baserriarekin eta ingurunearekin izan duen harreman estua gizarteratzen saiatuko gara.

Iturria: Igartubeiti Baserri Museoa.

 

Zer dira pieza hauek?

Erle-hauspoa Josu Tellabide donostiar etnografoak 2015ean Gipuzkoako Foru Aldundiari saldutako kolekzioaren piezatako bat dugu. Honek Lugaritz auzoko (Donostia-San Sebastián, Gipuzkoa) Lukainkategi baserria du jatorri eta honekin batera erlezaintzari lotutako beste pieza batzuk ere baditu bildumak. Objetuaren funtzionamenduari dagokionean, hauspoak haizea ematen dio burdin txapaz egindako ontziari, non erregaia kokatzen den. Honen muturretik aterako da kea eta hau erleak baretu eta mantsoago bihurtzeko erabiliko da abaraskak atera nahi direnean.

Iturria: Gordailua. 

Erlauntza, berriz, Fermin Leizaola etnografoaren bildumakoa da. Donostiarra da ere, eta dohaintzan eman dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari ia 5000 objetu, erakusgai dugun pieza kolekzio honetakoa izanik. Erratzun (Baztan, Nafarroa) eginiko pieza da, eta izatez ez dago bukatuta, izan ere saskigintzako egituraz eratutako erlategiak buztinez edo simaurrez estaltzen ziren isolagarri moduan. Dena den, eredu paregabea da abarasken prestaketan jartzen zuten denbora eta lana baliosteko, izan ere bazekiten ondoren ez zela ikusiko saskigintza-lana.

 Iturria: Gordailua. 

Erlezaintzaren garrantzia eta baserriarekin lotura

Gure ingurune naturalaren oreka mantentzeko izugarri garrantzitsuak dira intsektu hauek. Polinizazioa gauzatuz landarediaren ugalketa burutzen dute, eta modu honetan, ekosistemaren biziraupenerako ezinbesteko faktore bilakatzen dira.

Erleak baserriarekin harreman estua duten intsektuak dira, eta duela hamarkada batzuk, ia baserri guztiek zituzten erlategiak. Baserriaren barnealdean, aterpean, baratzean edota mendi magalean izan ohi zituzten, eta material eta forma desberdinetan egiten zituzten, nahiz eta ohikoenak egurrean eta jatorri desberdineko landare-zurtoinetan egindakoak izan.

Erleek ekoizten dituzten produktuen artean, tradizionalki bi izan dira nagusi euskal baserrietan: eztia eta argizaria.

  • Eztia: Euskal baserrietan eztiak izan duen presentziaz ari garenean kontutan izan behar dugu azukrea XVII. mendeaz geroztik iritsi zela euskal baserrietara, eta ordura arte, eztia zela eskuragarri zuten gozagarri nagusia. Beti izan da oso preziatua, eta iraganean, ezaugarri sendagarriak eta medizinalak ere egoitzi zitzaizkion. Eztiaz gain, tradizionalki ezti-ura ere produktu ezaguna izan da, hots, hartzitutako alkoholdun edaria, ura eta eztia nahastuz sortutakoa.
  • Argizaria: Baserritarren artean oso baliotsua zen beste etekin bat argizaria zen. Kriseiluak eta kandelak gaueko argiztapenerako modu bakarra ziren garai haietan argizari produkzioa ezinbestekoa zen. Ukenduak eta xaboiak egiteko, altzairuak eta lurrak ezkoztatzeko eta egurrak eta larruak inpermeabilizatzeko ere erabiltzen zen.

 

Iturria: Euskonews. 

Gainera, hileta-errituekin erlazionaturiko pieza baten sorkuntzarako ezinbestekoa zen argizaria: argizaiola. Argizaiola familiari, etxeari, defuntuei eta euren oroipenari lotutako zurezko taula antropomofiko bat da, eta bere funtzio sinbolikoa etxeko sua edo argia transmititzea da, izan ere hileta-errituak argiztatzeko erabiltzen zen. 

Halaber, aipatzekoa da erleen alderdi sinbolikoa, euskaldunen artean animalia sakratutzat hartzen baita. Tradizio eta sinesmen ugari daude euren inguruan, esaterako, etxeko senideren bat hildakoan berehala erleei komunikatzearena. Erleez gain, badaude dokumentatuta etxeko beste animalia batzuei heriotzaren berri emateko kasuak. Nolanahi ere, ez da oso ohitura praktikatua, izan ere gainontzeko animaliek ez dute erleek duten kutsu sinbolikoa, ezta praktikoa ere (argizaririk egiten ez duten heinean). Horregatik kontsideratzen da erlea, baserriko gainontzeko animalien artean, kategoria handiagokoa, eta bertatik dator eurengana jotzeko aparteko modua.

Erlezaintzaren bilakaera Euskal Herrian eta gaur egungo egoera

Erleak aldaketa sakonak jasan ditu bere ustiapen-moduan. Abaraska tradizionalak eta hauek lantzeko teknikak modernoagoak diren beste batzuekin ordezkatu dira, eta honek errotik aldatu du landa eremuen eta erleen arteko harremana. Neurriak hartu behar izan dira erlauntzen biziraupena kolokan jartzen duten erronka eta arriskuei aurre egiteko, eta pixkanaka, erlezaintza zabaldu eta modernizatu egin da.

Profesional eta afizionatuek geroz eta informazio sakonagoz zaintzen dituzte erleak, baina, hala eta guztiz ere, horrek ez du lortu herritarrek iraganean erleekiko izan zuten lotura mantentzea. Teknika tradizionalak, lanabesak, lan egiteko moduak, ohiturak, sinesmenak eta terminologia ere desagertu dira hamarkada gutxiren buruan, eta esan dezakegu nolabaiteko deserrotzea egon dela. Deserrotze honek gure gizartearen eta tradizioaren artean egon den hausturan du muina, eta duela 70 urte gure ondare kulturalaren zati garrantzitsua zena gaur egun arrotz egiten zaigu. Adinez nagusienak direnetako batzuek oraindik ere gogoan dituzte azaldutako praktikak, baina jada desagertu dira ia guztiak.

Informazio gehiago hemen.