Landagunea ikuspegi literariotik landuko dugu egitasmo honetan, baserria nola islatu den eta euskal kulturan izan dituen ekarpenak ezagutaraziz. Bide batez, landa-eremua lantzen duten liburuak ere gomendatuko ditugu.
LIBURUAREN NAZIOARTEKO EGUNA 2025:
Aurtengoan landagunea esparru eta begirada desberdinetatik lantzen duten liburuen proposamenekin gatoz. Gastronomia, abelzaintza, nekazaritza, elikadura, buruaskitasuna, genero ikuspegia, antropologia feminista, sorginkeria, mitologia, kondairak eta siniskeriak izango dira liburu hauek jorratzen dituzten gaietako batzuk.
Hona hemen gure proposamenak:
Badira Bagara, Euskal Herriko izaki eta sorkari mitologiakoak, Aritza Bergara (2024)
Haziak. Zergatik eta nola egin zureak. Mikel "Kelo" Arribas eta Marc Badal (2024)
Las mujeres en Euskal Herria. Ayer y hoy. Teresa del Valle (1997)
Mamia. Esentzia. Mantala-Basque Culinary Center (2024)
LIBURUAREN NAZIOARTEKO EGUNA 2024:
2024. urteko Liburuaren Nazioarteko Egunerako, Josebe Blanco artzaina eta idazlea elkarrizketatu dugu, "Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain" izeneko bere liburuaren harira.
Josebe Blanco (Salceda de Caselas, Galizia, 1973). Pikunieta baserrian bizi da, Antzuolatik 7,5 km-tara. Jatorri galiziarra du, Galizian jaio zen baino txikitatik Euskal Herrian bizi izan da. Ez dira hamar urte artzaina dela. Lehen irakaslea zen. Eszedentzia eskatu zuen, etxean ardiekin gazta egiten ikasi zuen eta maitemindu egin zen. Eskolan gustora zegoen, baina etapa hori berarentzat bukatuta zegoela ikusten zuen. Ardiak zaintzen ditu, maite ditu, eurak ondo bizitzea nahi du. Ez da ardietatik bizi, ardiekin bizi da.
Bi urte eta erdi pasa ditu "Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain" liburua idazten. Prosaz eta poesiaz idatzia, lehen pertsonan: naturarekin, beste izaki bizidunekin eta pertsonekin errespetuzkoa den bizitzaren aldeko eguneroko borrokatik. Artzainaren hiztegia eta urte osoko lanen taula ere baditu. Ia egunero idatzi du, zenbait salbuespen izan ezik. Eguneroko bat da, emakume artzain baten egunerokotasuna kontatzen duena.