“Barne begiradak II: Lurraldea, tradizioa eta transmisioa” argitalpena

2026/11/03
Bigarren argitalpen honetan, testu guztiak hari gidari berak lotzen ditu: artisautza eta praktika artistikoa, ondarea berritzeko eta eraldatzeko prozesu gisa

Azken urteotan, Igartubeiti Baserri Museoak zeregin aktiboa izan du bere inguruko lurraldeko erronkei aurre egiteko. Horretarako, kultura-ondareari lotutako arte-praktikei eusten dieten testuinguruak sortu ditu, bizimodu jasangarriagoak aldarrikatu ditu eta komunitate-lotura berriak eraiki ditu.

Erronka horiei erantzun zuzena emateko hiru jarduera garatu ditu Igartubeitik, PATRIM 4.0 egitasmoaren baitan: Asier Gogortzaren egonaldi artistikoa, “Jakintzen hibridazioa” programa eta “Lurraldea, tradizioa eta transmisioa” topaketa.

Barne Begiradak argitalpenaren bigarren edizio honek, ondarearekin eta sorkuntza garaikidearekin lotutako landa-eremuen kontzeptuari buruzko gogoeta berriak eskaintzen dituzten egileen ikuspegiak biltzen ditu.

Bigarren argitalpen honetan, testu guztiak hari gidari berak lotzen ditu: artisautza eta praktika artistikoa, ondarea berritzeko eta eraldatzeko prozesu gisa.

Barne Begiradak II argitalpenak, beren esperientziatik eta jardunetik abiatuta, gai hauen inguruko gogoeta berriak eskaintzen dituzten egileen ikuspegiak biltzen ditu:

  • Ondareak eta museoek etorkizuna sortzen dutenean: artisautza, lurraldea eta tokiko garapena (Jordi Abella. Antropologoa eta Ecomuseu de les valls d'Àneu museoko zuzendaria).
  • Saskigintza. Lanbide bat baino gehiago (Itziar de la Granja. Zumitzi Saskigintzako arduraduna).
  • Eskuek ez dakite dikotomia zer den (Laurita Siles. Artista eta Mutur beltz proiektuaren sortzailekidea).
  • Set Andròmines i quatre artistes (Asier Gogortza. Artista eta argazkilaria).
  • Argazkigintzaren magia: iraganeko paisaietan oraina kokatzeko aukera (Amaia Dorronsoro. Ezkio-Itsasoko Herri Eskolako irakasle taldeko kidea).


Argitalpena euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez dago eskuragarri. Diseinua irisgarritasun neurriak betez egin da, irakurketa errazteko.

Deskargatu argitalpena hemen