Sagardo Astea 2013

Sagardo Asteari hasiera emateko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren XII. Sagardo Lehiaketako irabazleei sariak banatuko zaizkie Igartubeitin. Gainera, asteburuan zanpaketak, antzezpenak, kirikoketa eta sagar erakusketa izango dira. Sukaldaritza tailerra ere antolatu dugu Ezkioko Ostatuarekin lankidetzan. Sagar edo sagardoarekin egindako errezeten lehiaketa eta VI. Argazki Lehiaketa dira aurtengo sagardo asteko beste ekitaldi batzu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Igartubeiti dolare-baserri hau zaharberritu du, baserriaren urrezko aroko, hau da, gure historiako garai jorienetako, adierazle bikaina berreskuratzeko eta gure arbasoen bizimodura hurbiltzeko asmoz. Museo bizia izateko sortua denez, eta aurreko esperientzien arrakasta kontuan harturik, XVI. mendeko baserritarren ohiko prozedura jarraituz, dolareko lana berreskuratu eta jendeari jarduera haren berri zuzenean eta zehatz-mehatz eskaintzea erabaki dugu.

XVI. mendeko zurezko egitura hau indarrez bihurritzea, sagarraren usaina eta lehen muztioaren lurruna, aspaldiko lan baten lekuko izatea…. jardun honetan dena da zirraragarri.

Jarduerak:

Zanpaketak: 

Sagar zanpaketak egunero izango dira goizez. Pilarika egunean, larunbatean eta igandean, eguerdian, 12:00etan zanpaketa bat egingo da, eta arratsaldez, 17:00etan beste bat izango da.

 Zanpaketa bakoitza baino lehenago 50kg sagar gehituko dira kirikoketa erakustaldi bat egiteko. Asteburuan ordea, Jo ala jo elkartekoek kirikoketa egokiak egin ditzaten, 150kg sagar gehituko dira zanpaketa bakoitzaren aurretik.

Antzespenak:

Ezkio-Itsasoko eta Yartu elkarteko kide diren bost bizilagunek, XVII. mende hasieran baserrian bizi izandako Kortabarria familia antzeztuko dute.

XVI. mende bukaerako eta XVII. mende hasierako janzkerekin jantziak, baserria erakutsiko diete bisitariei eta beraien zereginei buruz hitzegingo diete.  Bisitariak elikadura, sagardogintza, ohe- jantzi eta ehun, altzari konponketa, lanabes eta egur egitura, ereitea, baratzeko produktuei eta abarrei buruzko arloetaz jabetuko dira.

Sagardo Astea antzespenak








Sagardoa kirikoketa erritmora:

Arizkungo Jo ala Jo taldeak sagarrak kirikoketa erritmoan zanpatuko ditu, larunbat eta igandean, urriaren 12 eta 13an Kirikoketa, pisoiekin, sagarra txikitzeko mazoekin egiten den txalapartaren aldaera da.

 Antzina dolare baserrietan ohikoa zen ohitura hau, Igartubeiti Baserri Museoan gogora ekarriko da,  usadio zaharrak berreskuratu eta ikertzen dituen kultur elkarte honen eskutik. 

Sagar erakusketa:

Ezkio-Itsason bildutako sagar motak ikusgai izango dira sagar astearen baitan. 

Yartu elkarteak, Ezkio-Itsasoko udaletxearen laguntzaz antolatutako erakusketa, interpretazio zentroan izango da.

 

Sukaldaritza tailerra: 

Errezetak, Josu Landaren, Ezkioko Ostatuko sukaldariaren ekutik. 

  • Sagar, patata eta foie lasaina sagardo saltsarekin
  • Sagar tarta
Josu Landa zumarratarrak El Bullin, Tubalen eta Bergarako Lasa jatetxeetan lan egin du, besteak beste. Duela 2 urte Ezkioko Ostatua zuzentzen du. 
Urriak 17, arratsaldeko 18:30etan Igartubeiti Baserri Museoko Interpretazio zentroan. Beharrezkoa da aurrez izena ematea 943 72 29 78 telefonoan edo igartubeiti@gipuzkoa.net helbidean. 
Jardunaldia Igartubeiti-San Telmo

VI. Sagardo Astea Argazki Lehiaketa: 

Sagardo Astea kamaratik edo mugikorretik! Parte hartu eta lortu saria!

Sagar edo Sagardoarekin egindako errezeten lehiaketa:

Bidali igartubeiti@gipuzkoa.net-era eta lortu 2 lagunentzako afaria.

Egitaraua:

Asteazkena urriak 9:

  • 11:00etan Inaugurazioa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Sariak XII. Sagardo Lehiaketako irabazleei diplomak banatuko zaizkie.
  •  Zanpaketa eta antzezpenak: 11:30etan.

Urriak 10, 11, 14, 15, 16, 17 eta 18:

  •  Zanpaketak: 11:30etan.

Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroako ikastetxe, jubilatu eta euskaltegiei zuzenduta.

Larunbata 12, igandea 13:

  •  Zanpaketa eta kirikoketa: 12:00etan eta 17:00etan
  • Antzespenak: 11:30etatik 12:00etara; 13:00etatik 13:30etara; 

 16:30etatik 17:00etara; 18:00etatik 18:30etara. 

  • Interpretazio zentroan ikusentzunezkoen ibilbidearen hasiera. 
10:15, 13:15 eta 16:15etan euskaraz. 

Jende kopuru murriztua

Segurtasun arrazoiak direla eta, prentsaldia egiten den gunean, lehen solairuan,  sarrera murriztua izango da eta ez da erreserbarik onartzen. 

Dena dela, bitartean bisitariek interpretazio zentroa ezagutzeko aukera izango dute.

Igartubeitira nola iritsi

Igartubeiti baserri museoa Ezkion kokatuta dago, (Ezkio bidea, 1km) hau da, Ormaiztegi eta Zumarraga artean.