Baserri Eguna 5. edizioa

Emakumeak landa ingurunean. Lehengo eta oraingo ikuspegiak. Ekainak 16an, igandean, goizeko 11:00etatik aurrera.

Baserri Eguna jarduera lehen aldiz 2009an antolatu genuen, baserritarrek egindako lanari esker ona azaltzeko asmoz. Lehen lau edizio hauetan Ezkio-Itsasoko zenbait pertsonei omenaldia eskaini diegu eta jarduera ezberdinak antolatu ditugu, herri kirolak, bertsolaritza, gastronomia, musika, jokoak eta abar.

Landa inguruneko gai zein ñabardura aniztasunean sakondu eta errealitate ezberdinak ikusgai ipini asmoz, bostgarren edizio honetatik aurrera, Baserri Eguna egokitu egingo da.

Baserri eta bere inguruneari dagozkion alderdi ezberdinak azpimarratzen dituen jarduera bat proposatzen dugu, omenaldi eta ospakizun kutsua galdu gabe, interesgarriak diren gaur egungo gaiei balio erantsia edo ikuspegi ezberdinak ezarriz.

Baserri Eguneko 5. edizio hau emakumeak lehengo eta oraingo landa ingurunean izan duen paperari eskainia dago. Alde batetik, jarduera hau baserrietan garai eta egoera ezberdinetan bizi izan diren eta baserriaren garapenean ekarpenak egin dituzten emakumeek burututako lanari esker ona eskaintzeko izango da eta bestetik, gaur egun emakumeak landa ingurunean duen paperari buruzko gogoetara hurbiltzeko baliagarria izango da.

Landa garapenean eta bere ekonomian emakumeek izan duten ohiko papera baserriko eta familiko lanetara mugatzen zen, beste eginkizun batzuk izkutatuz. Emakumeek gure herrien garapenean betidanik eta oraindik ere eragin handia izan dute eta azken urte hauetan landa ingurunean eragin hori handiagotu egin da.  

Elkarrizketa jardunaldi honetan, landa ingurunea bere bizimodua bihurtu duten garai bateko eta gaur egungo zenbait emakumeen esperientziak ezagutuko ditugu. 

Baserri Eguna 5. edizioa

Jardueren programa: 

Ekainak 16 igandeko jarduera Paisaia eta memoria: Ezkio-Itsasoko emakumeak argazki erakusketaren inaugurazioarekin hasiko dugu. Interpretazio Zentroko balio anitzeko gunean izango da ikusgai uda osoan zehar. 

Landa inguruneko emakumeen bizitzaren inguruko ibilbidea biltzen dute argazki hauek gai ezberdinak jorratuz: baserriko lanak, aisialdia, familia, erretratuak.
Ezkio-Itsasoko udal artxiboko 50. hamarkadako argazkiak izango dira ikusgai. Argazkiekin batera, Ezkio-Itsasoko bi emakumeen, 1914ean Oiarbide baserrian jaiotako Benita Arabaolazaren eta 1910ean Igartzabalgoene baserrian jaiotako eta 2012an hildako Joxepa Aranbururen lekukotasun bideoak izango dira ikusgai. Bideo hauetan bi emakume hauek beraien bizipenak kontatzen dituzte. Ahotsak artxiboak eskaini dizkigu bideo hauek.

Erakusketa kolaboratzailea izan nahi du, argazkiei dagozkion datuak eskaintzeko parte hartzera gonbidatuz. Datak, izenak, gertaerak, tokiak, baserriei dagozkion datuak, informazio guzti hau baliagarria da lurraldearen eta bere biztanleen memoria berreraikitzeko.

Ondoren, Itziar Salegik, naturopatak eta aromaterapeutak ukenduak egiten ikasteko tailerra eskainiko du. Parte hartzaileek bi ukendu prestatuko dituzte,  azala bere onera ekartzeko ukendua, kalendula olioarekin, argizariarekin, aloe vera zukuarekin, errosen Hidrolatoa eta Labanda olioarekin egina eta “antiinflamatorio” (muskulu-artikulazio) bat arnika olioarekin, argizariarekin, zume tinturarekin harpagofito tinturarekin, erromero olioarekin, labanda olioarekin eta limoi olioarekin egina.

Eguerdian, Maite Aristegik Bergarako Lamaino Etxeberri eta EHNE sindikatuko idazkari ohi gisa izandako esperientzia azalduko du solasaldian. Ekofeminismo mugimendua 70. hamarkadan sortzen da izaera ekologista, feminista, pazifista eta espirituala duten emakumeen eskutik baina gizonak baztertu gabe. Pensamendu feministan garapen orokorrago baten alde egiten du, bortizkeriarik gabe, generorik gabe, biodibertsitatea eta gizaki guztiak aintzat hartuz.

14.00etan bazkari herrikoia izango da, kultur gastronomikoaren plater batekin “ajoarriero”-arekin.  Bere sorrera baserrien garapenaren garaian, XVI eta XVII. mendeen artean kokatzen da. Mandazainek eta ostalariek eman zioten itxura plater honi, piskanaka piskanaka bideetatik ostatuetara, gastronomi platerean bilakatu arte. 

Bazkal ondoren, Ordiziko azokaren 500. urteurrena dela eta ekoiztutako eta Ordiziko Kimetz Emakumeen Elkarteak ekoiztutako “Gaur zortzi azokan” dokumentalaren emanaldia . Dokumental honetako protagonistak 5 baserritar dira: Aramako Aiesta baserriko Miren Jauregi, Idiazabalgo Kalbarioko Amaia Alkorta, Zaldibiko Lizarraga baserriko Miren Jauregi; Aramako Agerreko Maria Rosario Urretabizkaia eta Gabiriko Beheko Etxe baserriko Anttoni Murgiondo. Dokumentala ekoiztu da  Farapi antropologia zentroaren eta Estico ekoiztetxearen laguntzarekin. Belen Balerdik, Ordiziko Kimetz emakumeen elkarteko kideak aurkeztuko du emanaldia.

Umeentzako jokoak eta beste gune batzu: 
Jardueran zehar familia guztiarentzako ekintzak izango dira: jolasen txokoa + bisita bereziak.
Gaiaren inguruko bibliografia kontsultatu ahal izateko irakurketa txokoa izango da. 

Esku-foiletoa (pdf)