Aizturra eta lepokoa

Ardien ilea mozteko goraizak edo aizturra eta abeltzaintzarako lepokoa

PIEZEN AURKEZPENA

Aurkezten diren piezak ardiak mozteko goraizak edo aizturra eta abeltzaintzarako lepoko bat dira, biak baserriko eguneroko lanarekin estuki lotuak. Itxuraz xumeak diren arren, objektu hauek landa bizitzako oinarrizko jardueren parte ziren. eta pertsonen, animalien eta ingurunearen arteko harreman zuzena islatzen dute. 

Ardiak mozteko goraizak burdinaz eginda daude, eta mendeetan zehar erabilitako eredu tradizional bati erantzuten diote. Haien diseinua, malguki gisa jokatzen duen metalezko xafla tolestu batean oinarritua, ebaketa jarraituak zehaztasunez egiteko egokia zen. 

Aizturra

Ardien ilea mozteko erabiltzen den aizturra. Iturria: Gordailua

Lepokoa, berriz, abereak identifikatzeko edo kontrolatzeko erabiltzen zen, eta askotan zintzarriak izaten zituen, haien soinuak mendian animaliak kokatzen laguntzen baitzuen. 

Lepokoa

Abeltzaintzarako lepokoa. Iturria: Gordailua

Bi piezek landa gizartean abereek izan duten garrantzi historikora eramaten gaituzte. Izan ere, euskeraz “aberatsa” hitza “abere” hitzetik dator, eta horrek agerian uzten du aberastasuna animalien jabetzari lotuta ulertzen zela.

ABEREEKIN AGITEN DEN LANA: PRAKTIKAK ETA JAKINTZAK 

Baserrian, ardiak zaintzea funtsezko jarduera zen, ezagutza zehatzak eta etengabeko dedikazioa eskatzen zituena. Mozketa, normalean urtean behin edo bitan egiten zena, une garrantzitsua zen. Lan zorrotza zen, eta trebetasuna behar zen goraizak edo aizturra erabiltzeko, animalia zaindu eta artilea ahalik eta gehien aprobetxetzako.

Bere funtzio praktikotik harago, abereekin egindako lana lurraldearen erabilera partekatuaren testuinguru konplexuan garatzen zen. Artaldeak espazio irekietan ibiltzen ziren, askotan komunaletan, eta horrek identifikazio eta kontrol sistemak beharrezko bihurtzen zituen. Horretan, lepokoek eta zintzarriek funtsezko eginkizuna zuten: ardiak kokatzeko aukera emateaz gain, batez ere egun lainotsuetan, artalde desberdinak elkartzen ziren lekuetan bereizteko ere balio zuten. 

Zintzarrien soinua, mendiko soinu-paisaiaren  ezaugarri nagusietako bat, artzainen egunerokoaren parte zen. Artalde bakoitzak bere konbinazioak izan 0zitzakeen, eta taldearen gidari ziren ardiek eramaten zituzten normalean, multzoaren jarraipena erraztuz. 

GOGOETAK

Ardiak mozteko goraizak edo aizturra, eta lepokoak ingurunearen ezagutze, behaketa eta esperientzia oinarri zituen bizimodu batera hurbiltzen gaituzte. Objektu hauen bidez, eguneroko lanak ez ezik, lanaren antolaketa, gizarte harremanak eta aberastasuna zein lurraldea ulertzeko moduak ere antzeman ditzakegu.

Gaur egun, praktika horietako asko aldatu edo desagertu egin dira, baina horrelako piezek jarduera zahar eta errotu baten memoria gordetzeko aukera eskaintzen dute. Jatorrizko funtziotik harago, baserriari eta inguruko paisaiari estuki lotutako bizimodu baten lekuko bihurtzen dira.