Higienea

Baserrien historia higienearen ikuspegitik ezagutzeko aukera

Musealiak proiektuaren baitan Erakusgai jarri ditugun hiru pieza hauek,  baserriaren historia higienearen begiradatik ezagutzeko aukera ematen digute. Objektu hauek, baserriko egunerokotasunean garbitasunari loturiko jardueretarako erabiltzen baitziren.

Orinala

Pixa jasotzeko erabiltzen den ontzia da.  Zeramikaz egindako ontzia da, oinplano laua eta zilindro forma dauka. Goiko aldean aurrez aurreko bi helduleku ditu. Gorputz erditik gora esmalte zuria dauka eta baita barnealde osoan zehar.  Oinarrian hirusta lorea dauka marraztuta zeramikan bertan.  

Ontzi mota honek erabilera higienikoa zuen, eta baserrietan oso oinarrizko egitura eta formak izaten zituzten. Ez zuten bestelako ikusgarri artistikorik izaten.  Gainera, “gauontzia” bezala ere ezagutu izan da Euskal Herriko zenbait lekutan. 

Orinal hau XX. mende erdialdekoa da. Jatorriz Zegamakoa da,  bertako Gregorio Aramendi Arregi zeramikagileak egina. Dirudienez, ontzi honek ez du erabilerarik izan, hau da ez da baserrietan erabili.  Gregorio Aramendik Gipuzkoako Foru Ahaldundiak eskatuta egin zuen, honelako zeramikazko piezak nola egiten ziren erakusteko.  Dena den, baserrietan honelako orinalak erabiltzen ziren, eta beraz gaur egun horiek nolakoak ziren irudikatzeko eta ezagutzeko balio digu, gure historiaren ondare bezala. 

Gregorio Aramendi:

Gregorio Aramendi Zegamako azken ontzigilea izan zen. Biziraupenagatik utzi behar izan zuen bere ontzigile ofizioa eta taxista lanetan hasi zen. Hala ere, buztingile apart honen ibilbidea ez zen bertan amaitu. 1980. hamarkadan Gipuzkoako Foru Aldundiak buztingintzako irakasle gisa kontratatu zuen.  

Konketa

Konketa edo azpila eskuak eta aurpegia garbitzeko erabiltzen zen ontzia zen, pitxarrarekin batera. Eta logelan bertan egon ohi zen.  Hemen daukagun konketa zeramikazkoa da. Diametro zabal eta sakonera duen ontzia da, urez bete ahal izateko. 

Konketa hau jatorriz Zumarragako Soraitz baserrikoa da. Ibon Telleria arkitektoak, baserrien inguruko  ikerketa harira, baserri ugari bisitatu izan ditu, eta ondorioz baserriaren historia eta bilakaera erakusten duten objektuak biltzen joan da. Horietako bat da konketa hau. Gordailuak (Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa) 2006ean erosketa bidez eskuratu zuen lote batean. Gaur egun Gipuzkoako Kultur Ondarearen zati da. 

Eskuoihala 

Liho zuriarekin eginiko eskuoihal angeluzuzena da. Eskuoihal hauek aurpegia eta gorputzeko beste edozein zati lehortzeko erabiltzen ziren. Bi muturrak loreen irudiez osaturiko frisoz apainduta ditu. 

Eskuoihal hau Goruzaleok elkartearen bildumako pieza bat da, 2013an Gipuzkoako Foru Ahaldundiak eskuratu zuena. Jatorriari dagokionean ordea, ez dakigu zein herri eta baserritatik datorren. Hala eta guztiz, esan liteke ohikoa zela baserrietan 

ZERGATIK PIEZA HAUEK?

Hasiera batean, harrigarri gerta dakiguke hiru pieza hauek Igartubeitin erakusgai jarri izana; hots, XVI. mendeko euskal baserri dolare baten itzalpean iduri lezake lekuz kanpo daudela. Edota behintzat, esan daiteke, Igartubeiti edo XVI.mendeko baserria aipatu eta ez direla burura datozkigun lehen objektu edo elementuak.  

Alderdi artistikotik ere, egia esan ez dute halako balio berezi, esanguratsu edo erantsirik. Eta orduan zergatik aukeratu pieza hauek Musealiak proiekturako? 

Orokorrean baserriaz mintzo garenean honi lotu izan zaizkion gai, elementu edota alderdi zehatz batzuetan oinarritzen gara: nekazaritza, arkitektura, abeltzaintza, artzaintza… Hau da, baserriaz eta bizimodu horri loturiko baserritarren historiaz mintzatzeko elementu eta alderdi zehatz batzuk hartu izan dira euskarri eta irizpide bezala. Egunerokotasuneko beste zenbait alderdi ordea, bigarren maila batean edo itzalpean geratu izan dira. Higienea eta zaintza lana horien artean. 

Aukeratu ditugun hiru pieza hauek lotura estua dute garbitasunarekin.  XVI. mendetik XX. mende erdialdera arteko baserritarren eguneroko bizimodu horretara gerturatzeko beste bide bat irekitzen digute garbitasunarekin lotura duten pieza hauek. Orinal, konketa eta eskuohial hauen bidez, isilean mantendu den baserriaren alderdi “ilun eta zikinaz” hitz egin dezakegu. 

Hiru objektu hauen bitartez baserri barneko bizitzaren nolakotasuna ezagutuko dugu, higienearen begiradatik. Objektu hauek normalean erakusten ez den historiaren berri ematen digute. Hau da gure gizartearen bilakaeraren lorratzak ezagutzeko aukera ematen dute. Izan ere, nolakoa ote zen higienea eta garbitasuna XX. mende hasiera arte gure baserrietan, esaterako Igartubeitin? Galdera horri argi pixka bat ematen diote hiru pieza hauek. 

Gehiago jakin nahi baduzu, hurrengo dokumentu (PDF) hau kontsulta dezakezu.