Kuela

Kuela, kono-enbor formako zurezko ontzia da, bertikalki elkartutako oholez osatua dago. Ohol hauek berriz burdinazko hiru uztairen bidez bermatuta daude. Goiko ertzaren ondoan lehena, erdialdean bestea eta azkena oinarrian. Alde banatan, bi helduleku ditu.

Musealiak logoa

 

 

 

 

Musealiak2_Kuela

Kupel edo barrika bat dirudi baina ez da. Sagardogintzari lotuta dagoen pieza da noski, baina ez zen sagardoa gordetzeko erabiltzen. Baserritar eta sagardogileek sagarraren inguruko tratua egiteko orduan erabiltzen zuten. Hau da sagar kantitate zehatza jakiteko neurgailua da kuela. Ontziaren edukiera 50-55 kilo ingurukoa da, sagar-zaku batekoa gutxi gora behera. Sagarraren kantitatea neurtzeko modu zehatza zegoen, kargaka edo karro edo gurdikaraka neurtzen zen hain zuzen ere. Sagar karga bat gaurko 300 kilo sagar lirateke. Beraz, sei kuelak sagar karga bat osatzen zuten.

Kuela baserriaren eta sagardogintzaren bilakaeraren lekuko

Kuela hau jatorriz Orendaingo (Gipuzkoa) Jauregi baserrikoa da. Orendain Gipuzkoako barnealdeko herri txiki bat da eta Tolosako eskualdearen parte da. Historikoki zonalde hau Beterri bezala ezagutu izan da, Goierri eskualdearen hegoaldeko zati bezala alegia.

XX. mendekoa da, asko jota 100 urte izango ditu. Sagardoaren historiari begiratuta ez da hain pieza zaharra. Baina, batetik XIX eta XX. mendeetan baserriek eta sagardogintzak jasan duten bilakaera ulertzen laguntzen digu, gertaera haien narratzailea litzateke. Eta bestalde, leku zehatz bateko historia eta kultur ondarea hobeto dokumentatzen laguntzen du. Hau da, bizimodu baten lekukoa litzateke, gaur ondare bihurtuta.

Eta hori dela eta, 2020ko urtarrilaren 8an, Jauregi baserriko jabeak kuela hau Gordailuari eskaini zion, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroari alegia, eta honek 150€tan erosi zuen. Ordutik beraz Gipuzkoako ondare bildumaren parte da.

Eta oro har, kuela honen bitartez sagardogintzak Gipuzkoako beste zonalde batzuetan izan duen ibilbidea hobexeago ulertzen laguntzen digu. Izan ere, azken hamarkadetan sagardoaren munduaren inguruan eraiki den iruditeriak Donostia, Astigarraga, Hernani, Usurbil eta Astigarraga inguruetara mugatu du sagardoaren jarduera. Baina hori bilakaera historiko baten ondorio dela esan liteke, izan ere sagardogintzaren historia ez da eremu horretara soilik mugatu. Aita Larramendik bere Corografía de Guipúzcoa lanean (1754) honela zioen: “desde Tolosa hacia Alava se han reducido muchos manzanales a tierras sembradías: no así desde Tolosa hacia Irún”. Alegia, begirada testuinguru orokorrago batera bideratzeko abagunea eskaintzen digu, pieza bera gertaera historiko eta bilakaera kulturalekin harremanduz.

Sagardogintzak Gipuzkoan izan zuen urrezko aroaren beheraldia, “goitti-betti” XVII. gizaldiaren amaiera aldera etorri zen. Batetik, itsas ekonomiaren jarduera zailtasun egoeran zegoen. Gerra egoera medio nabigazioa jada ez zein hain segurua. Bestalde, Euskal Herriko burdinak ere zailtasun ugari zituen kanpoko merkatuan saldu ahal izateko. Eta gainera garaiko geopolitika zela eta euskal baleazaleek Ternua, Groenlandia, Noruega edota Islandian arrantzatzeko baimenak galdu zituzten. Honek guztiak sagardoaren eskaria murriztea ekarri zuen. Hau dena Ameriketako artoa Gipuzkoako baserrietako soroetan zabaltzen ari zen bitartean ari zen gertatzen. Honela piskanaka sagardoa kontsumo lokalera soilik mugatu zen eta sagarrak Gipuzkoako nekazaritzaren zutabe izateari utzi zion.

1793-1876 epealdia Gipuzkoarentzat aro zaila izan zen, bata bestearen atzetik zetozen gerrek jan baitzuten garai hartako gipuzkoarren bizimodua. Honek sagardogintzari eta sagastiei ere eragin zien. XIX. mende amaieran Gipuzkoako ekialdera eta kostaldera mugatzen ziren probintziako sagasti kopuru handienak. Ideia liberalek foruen deuseztea ekarri zuten gainera eta marko legal berri bat ezarri zen. Nekazaritza berritzeko erreforma bat bideratzeko ahaleginak egin ziren, eta tartean baita sagardoaren industria modernizatzekoak ere. Peñafloridako kondea eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartea izan ziren ilustrazioaren ideia modernoak Gipuzkoako baserritarren eta sagardogileen artean bultzatu nahi zituztenak. Hala ere, ikusi zen sagardogintzan eta sagargintzan zebilen baserritarrak, egoera politikoa eta ekonomikoa zela eta beste behar batzuk zituela, eta ezin zituela bere kabuz berrikuntza haiek aurrera eraman.

Esan bezala, kuela hau XX. mendeko pieza bat dugu, eta esan liteke sagardoaren munduaren bi aldi edo muturrak lotzen diren garaiko pieza dela. Hau da sagardoaren industria krisialditik irten eta bide berrietan barrena murgiltzen hasi deneko garaiak lotzen ditu. Sagardoaren eta bere atzean dagoen historia balioan jarri da azken hamarkadetan, produktu soil bat izatetik atzean oinarri kultural bat duen elementu bat izatera pasa baita. Hala eta guztiz, oraindik orain ere erronka ugari ditu aurretik. Izan ere gaur egun, sagardoaren kontsumo eta eskaria handitzen doa, baina probintziako sagasti kopurua ez ordea.

Azkenik, bitxikeria bezala bada ere, baina aipagarria da esate baterako Jauregi baserriko kuelaren jabeak berak ez zekiela pieza hau zer zen. Hau da etxean izan arren ez zuen kuelaren inguruko ezagutzarik. Baliteke anekdota hutsa izatea, baina oro har baserri munduarekin zerikusia duela ere esan daiteke.

Egia da baserri eta sagardo munduaren baitan kuela ez dela pieza ezagunenetakoa, eta beraz berau ez ezagutzea ez da hain arraroa. Hala eta guztiz ere, XX. mendetik aurrera nekazalmunduak bizi izan zuen eraldaketaren aztarna dela ere aipa liteke. Zergatik? Bada aurrean dugun kuela garapen industrialarekin eta bere ondorio sozial eta ekonomikoekin sortu zen ezenatoki berriaren garai berdinekoa dugu. Baserritar haien ondorengo generazioak mundu berri baten hasiera ikusi zuen eta hark erakarrita baserriak usten eta hiriak eta fabrikak betetzen hasi ziren.

Eta piskanaka sagastien galera etorri zen. XX. mendeko bigarren erdi aldean bazterretako sagastiak zabartuta zeuden: ez ziren inausten eta ezta ez zitzaien ongarririk ematen. Sagasti asko gainera kendu eta pinudi bihurtu ziren. Urteetako ezagutza eta historia zati baten galera izan zen.

Moda eta gustu berriak garatzen joan ziren, eta ordura arteko bizimoduaren parte izan ziren hainbat elementu eta produktu alboratu egin ziren, balio gutxikoak zirela argudiatzen baizen, haien artean sagardoa. Edota beste zenbait, zuzenean “historiaren zabartegira” bidali ziren.

Beraz, produktu, jarduera eta egitura sozial horiek alboratzearekin batera haien atzean zegoen bizimodua eta lan egiteko moduak baztertu ziren. Haien artean egongo zen kuela hau ere. Ez da harritzekoa orduan kuelaren jabeak piezaren jatorria eta historia ez ezagutzea. Oso denbora gutxian baserri munduak jasan dituen aldaketa sakonen adierazle da. Azkenean generazio oso baten irudikapen bat da, bitxikeria modura aurkeztua.

Kuela eta neurketa sistemei buruzko informazio gehiago irakurtzeko klikatu hemen.